Ikasteko eskubidearen jabe, euskal presoak Euskal Herrira! ekimena Euskal Herriko unibertsitateetan abian jarritako ekimen anitza da.
Euskal preso politikoek ikasteko eskubidea urratuta dute. Espainiar espetxeetan dauden euskal presoek debekatuta daukate UPV/EHUn edo UPNA/NUPen ikastea, ikasketak UNEDen bidez eta gaztelaniaz burutzera behartzen dituztelarik. Frantziar kartzeletan dauden euskal preso politikoen kasuan, orain arte UPV/EHUn ikasteko aukera bazuten, ikasturte honetan ezinezkoa izango zaie ikasketekin jarraitzea.
Egoera honi buelta emateko asmoz, 2009-2010 ikasturtearen hasieran presoen ikasteko eskubidearen aldeko atxikimendu bilketa abiatu zen UPV/EHUko irakasle, ikasle eta langileen artean ehunka sinadura lortu eta abenduaren 16an euskal preso politikoek bizi duten egoera larria salatzeko prentsaurreko masiboa eskainiz Leioako campusean.
Ikasturte bereko 2. lauhilabetean, ekimenari jarraipena eman zitzazion UPV/EHUn bertan jarduera gehiago antolatuz eta UPNA/NUPen sinadura bilketa abiatuz.
Ondoko lerroetan 2009ko abenduan Leioako campusean aurkeztutako idatzia duzue, euskal preso politikoen egoera larriaz jabeturik unibertsitate-eremuko ehunka ikasle, irakasle eta langileren babesa jaso zuena.
Manifestua
Unibertsitateko irakasle, langile, ikasle eta eragileok, une honetan espainiar nahiz frantziar espetxeetan euskal preso politikoek bizi duten egoeraren aurrean benetako kezka agertu nahi dugu.
• Minbizia edo gaixotasun psikologiko larriak dituzten presoak espetxean mantentzea oinarrizko giza eskubideen aurkako neurria da zalantzarik gabe. Hala ere, gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak espetxean mantentzen dituzte.
• 20 urteko espetxe zigorra osorik bete duen preso bati bere zigorra beste hamar urtez luzatzea, praktikan biziarteko espetxe zigorraren aplikazioarekin parekatu daiteke. Hala ere, zigorra beteta duten euskal preso politikoak espetxean mantentzen dituzte.
• Sakabanaketa politikak presoak urruntzea eta isolatzea dakar. Gainera, azken 20 urteotan sakabanaketa politikak senide bat hil du hamabost hilero. Hala ere, euskal preso politikoen %99 beraien etxetik ehunaka kilometrotara sakabanatuak daude.
Hezkuntza arloan jarduten garenok, baina, ezin ahaz dezakegu euskal preso politikoen ikasteko eskubidearen ukapen sistematikoa:
• Espainiar espetxeetan dauden euskal preso politikoek debekatuta daukate UPV/EHUn ikastea, ikasketak UNEDen bidez eta gaztelaniaz burutzera behartzen dituztelarik. Beraz, hezkuntza eskubidea urratua izateaz gain, hizkuntza eskubidea ere ez dute errespetatua.
• Frantziar kartzeletan dauden euskal preso politikoen kasuan, gainera, antzeko egoera batetan aurkitzen dira gaur egun ere. Orain arte UPV/EHUn ikasteko aukera bazuten, ikasturte honetan ezinezkoa izango zaie ikasketekin jarraitzea. Egoera berri honek, bestalde, kolokan uzten du espetxeetan dagoeneko ikasketak bukatuta edo erdibidean dauzkaten presoen egoera.
2005eko urriaren 28an, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak aho batez onartu zuen presoen ikasketak arautzeko Protokoloa. Aho batez onartua izan arren, espainiar Estatuko Abokatuak protokoloa errekurritu zuen. 2009ko apirilean, Auzitegi Gorenak indarrik gabe utzi zuen Protokoloa, Espetxeen Lege Orokorreko 56.2. artikulua urratzen duela esanez, UPV/EHUk Espainiako Gobernuko Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiarekin hitzarmenik ez izategatik.
UPV/EHUko Errektore Taldeak epai horren kontra helegitea jarrita du. Baina kezka handiz ikusten dugu denbora aurrera doala eta Espainia zein Frantziako kartzeletan dauden presoek ezin dutela ez UPV/EHUn ez euskaraz ikasi. Eta horrexegatik ere UPV/EHUko Errektorea den Iñaki Goirizelaiari eskatzen diogu Espetxeetako Zuzendaritzarekin hartu-emanak izateko ahalegin guztiak egin ditzala, aho batez adostutako Protokoloa oinarri hartuta, presoek UPV/EHUn ikastea ahalbidetuko duen hitzarmena sinatzeko helburuari helduz.
Egoera honen aurrean, hemen bildutakook, euskal preso politikoen egoerarekin kezkatuta, ondoko konpromisoak hartzen ditugu:
• Urtarrilaren 2an, larunbata, Bilboko kaleetan ospatuko den euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazio nazionalean parte hartzea.
• UPV/EHUn euskal preso politikoen ikasteko eskubidea bermatua izan dadin eskatzeko ekimen eta jardueretan parte hartzea.
Hau guztiagatik, unibertsitate-eremuko irakasle, langile, ikasle eta eragileok, dei egiten diogu euskal gizarteari euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazio orotan parte hartzera.
Ikasteko eskubidearen jabe, euskal presoak Euskal Herrira!
Urtarrilaren 2an, denok Bilbora!